COVID-19ak guztion egunerokotasuna erabat aldatu du, baita arraun taldearen egoitzarena ere. Horren ondorioz, Arkote arraun taldeko zuzendaritzak larrialdi sanitario honen aurrean segurtasuna bermatzeko hurrengo protokoloa landu du. Gauden egoeran ezinbestekoa izango da zuzendaritzak onartutako protokoloa zorroztasunez betetzea. Protokoloa hurrengo denboraldiaren hasieran eguneratuko da, momentuko egoerak eskatzen dituen beharrei erantzuteko asmoz.

Protokoloa lau atal nagusitan banatzen da. Lehenengoan, arraunlari bakoitzak instalakuntzetan sartu aurretik egin beharreko “etxerako lanak” ezartzen dira. Bigarrenean, instalakuntzen (gimnasioaren, aldagelen eta hangarraren) erabileraren inguruko jarraibideak ezartzen dira. Hirugarrenean ureko entrenamenduetan egin beharrekoak ezartzen dira. Eta azkenengoan, zuzendaritzak hartutako bestelako neurriak eta egoeraren jarraipenaren inguruko arauak argitzen dira.

Kirolari bakoitzaren etxerako lanak:

  • Arraunlari bakoitzak bere maskarilla ekarri beharko du etxetik, eta kasu guztietan jantzita eraman beharko du. Ontzian igota dagoenean soilik baimenduko da maskarilla kentzea; lehorreratzean ordea, berriz ere jarri beharko du.
  • Bakoitzak bere ur botila propioa ekarriko du etxetik, eta ezin izango du bere taldekideekin partekatu.
  • Entrenamenduaren ondoren, arropa 40ºC-tik gorako tenperaturan garbitu beharko da edo ehun-desinfektatzaileren batekin.

Instalakuntzak eta tresnak:

  • Pertsonen aglomerazioa ekiditeko, zuzendaritzak ordutegi zehatzak ezarriko ditu kirolarientzako. Entrenatzera joan nahi duenak baimena eskatu beharko dio aldez aurretik zuzendaritza taldeari.
  • Komunen erabilera premiazko kasuetan baimenduko da soilik.
  • Gimnasioaren aforoa betez eta Gobernuek ezarritakoa jarraituta, gimnasioan ezin izango dira 19 pertsona baino gehiago egon aldi berean.
  • Hasiera batean, eta zuzendaritzak horrela erabakitzen duen arte, EZ DA ERGOMETRORIK egongo instalakuntzetan.
  • Erabili ondoren, bakoitzak erabilitako tresna (pesak, koltxonetak edo dena delakoak) desinfektatu beharko ditu.
  • Gimnasioan ariketak egiten ari diren kirolarien artean 2 metroko distantzia mantendu beharko da halabeharrez.
  • Kirolariak hangarrean daudenean, bakoitzaren arteko distantzia 2 metrokoa izango da beti.
  • Piraguismo taldeari igarobide zabala utzi beharko zaio, haiek ere beren jardueran segurtasunezko distantzia errespetatzeko aukera izan dezaten.
  • Fosoan gehienez 2 kirolari egongo dira aldi berean, bakoitza fosoaren mutur batean egongo delarik.
  • Fosoko entrenamendu bakoitza amaitzean, tosta, suplementoa eta arraunaren taborra desinfektatu beharko dira.
  • Arraun talderako sarrera eta irteera hangarretik izan beharko da halabeharrez; ez dago baimendua beraz, ez aldagelen atetik ez tabernaren ondoan dagoen atetik irtetzea.
  • Ezin izango da ura edan zuzenean mangeratik. Honen erabilera eta instalakuntzako edozein iturrirena norberaren botilak betetzeko izango da.
  • Pertsonen pilaketa ematen den kasuetan ontzien neurriak hangarretik kanpo jarri beharko dira, edo iristen diren azkenek kanpoan itxaron beharko dute barruan daudenek amaitu arte.

Ureko entrenamenduetan:

  • Entrenamendu bakoitzean ondo garbitu beharko dira arraun guztiak, batez ere taborrak.
  • Entrenamendu bakoitzaren amaieran derrigorrezkoa izango da ontziak garbitzea xaboiez, batez ere barrutik.
  • Traineruak Lutxanan entrenatzen duen egunetan norberak bere tosta eta suplementoa garbitu beharko ditu.
  • Lantxa ateratzeko ahalik eta pertsona gutxien erabiliko dira, eta ahal dela, pertsona horien artean entrenatzailea egongo da.
  • Lantxa bakoitzean, askoz jota, bi pertsona joan ahal izango dira. Bakoitzak bere maskarilla eraman beharko du jarrita eta pertsonak lantxaren bi muturretan jarriko dira (bata lantxaren brankan eta bestea txopan).

Egoeraren jarraipena eta bestelako neurriak:

  • Entrenamendu bakoitzean entrenatzaile/prestatzaileetako batek tenperatura neurtuko die arraunlariei. 37,5º baino gehiagoko tenperatura duenak entrenamendua utzi eta etxera itzuli beharko du.
  • Instalazioetan sartzerakoan eta irtetzerakoan, eskuak desinfektatu beharko dira tailerreko atean dagoen gel desinfektatzailearen banatzailearen bidez.
  • Arraunleriei maskara ahazten zaienerako, Zuzendaritza Taldeak maskara kirurgikoak izango ditu bulegoan. Gogoan izan pertsona bakoitzak jarrita eraman behar duela beti, eta, beraz, ahazten zaionak bat eskatu beharko diola zuzendaritza kide edo entrenatzaile bati.
  • Talde bakoitzeko entrenatzaileak izango dira COVID-19aren protokolo hau betetzeaz arduratuko direnak. Honekin batera, gerta litezkeen gorabeheren jarraipena egiteko Zuzendaritza Taldeko kidea den Eritz Monasterio Lotinak koordinatzaile ardura hartuko du .
  • Zuzendaritza Taldeak arriskuan dauden, kirolari, teknikari eta ingurukoen kasuak aztertu eta hauen gaineko jarraipen hertsia egingo du.