Plentzitarra zuzentzen bi denboraldi (2019-20 eta 2020-21) eman ostean, Gorka Etxeberriak (Orio, 1977) entrenatzaile bezala eta Imanol García “Mañu“k prestatzaile fisiko bezala Plentzitarra zuzentzen jarraituko dute 2021-22 arraun denboraldian.

Aurrekoa bezala, aurtengoa ere ez da bat ere urte erraza izan arraun taldearentzat: alde batetik, COVID-19ak egunerokotasuneko erritmoa markatzen jarraitu du, eta bestetik Alkatetzaren Dekretuz Arkotek bere egoitzatzat duen Arpillaoko eraikina itxi izanak izugarrizko eragozpen sozial eta ekonomikoak sortu ditu gurean.

Zailtasun ororen gainetik eta eragozpen guztien aurka, Gorka Etxeberriak eta Imanol Garcíak zuzendutako senior mutilen taldeak denboraldi ederra egin du. Lehenik, gure mutilek Bizkaiko trainerillen txapelketaren finalean sailkatzea lortu zuten, atzean TKE-ko (traineruen gorengo maila) ontzi ezberdinak utziz. Ondoren, bere historia osoan zehar berdintasun gehien izan duen aurtengo KAE1 traineruen ligan, Plentzitarrak oso emaitza onak lortu ditu, sailkapen orokorrean aurreko denboraldiko bosgarren postua mantenduz, eta izugarrizko maila eta urte askotako progresioa duten Getariarrekin edo San Pedro, Pedreña, Kaiku zein San Juan bezalako TKE ligako ontzi historikoekin batera banderak eskuratzeko borrokan ibiliz.

Arestian aipatutako guztiagatik, Arkote Arraun Taldeko zuzendaritza taldeak eta senior mutilen talde teknikoak beste urte batez berriztea erabaki dugu.

Eskerrik asko egin duzuen lan ederragatik Gorka eta Mañu, eta zorte on hurrengo denboraldiarekin!!