Aurreko ostiralean, 2022ko abuztuaren 19an, Jose Maria “Txetxu” Laraudogoitia Garay zendu zelaren albiste lazgarria jaso genuen eta ordutik atsekabe handiarekin gaude. Sentitzen dugun min hau ez da gutxiagorako, izan ere Txetxu orain dela 62 urte baino gehiago Arkote Arraun Taldea sortu zuenetako bat dugu.

Pertsona langilea, zuhurra eta eskuzabala, Arkote bihotzean eraman duenetakoa izan da Txetxu, garai kaskar zein oparoenetan beti klubaren koloreak sutsuki defendatuz. Sortzailea izanda Txetxuk harreman oso estua izan du klubarekin, eta urteek aurrera ahala gertutasun eta interes handia izaten jarraitu izan du gaur egunera arte. Azken urteetan ere beti azaldu da laguntzeko prest, estropadetarako ontzia eskainiz esate baterako. Klubarekin mantendu duen harreman estuaren beste adierazle da, esaterako, 2019an sortu genuen webgune honen ARKOTEKO HISTORIA ataria berak idatzi zuela, hark beste inork baino hobeto ezagutzen zituelako elkarte honen sorreraren nondik norakoak.

Izugarrizko pena ematen digu ere igande honetan igaro ditugun emozioak ezin bizi izana, badakigulako berak ere estropadak arreta eta zirrara handiz jarraitzen zituela, Arkotezale porrokatua zen heinean. Bilbon jokatutako 2022ko KAE1 ligako azken estropadan gure mutilek ligako laugarren bandera eskuratzea lortu zuten, ligan bandera gehien lortu dituen trainerua bihurtuz (Pedreñarekin batera). Honengatik guztiagatik, Bilboko Uriko XLIV. ikurriña Txetxuri eskaini nahi diogu, Arkoteko sortzaile, presidente ohi eta zale amorratuari.

Lerro hauei amaiera eman aurretik, Arkoteko Historiaren atala idazterakoan egindako agurra berreskuratu nahiko genuke, Arkote sortzerakoan bere alboan izandakoak gogoratzeko izan zuen keinu ederragatik:

Berebizikoa deritzot, minutuko isilune baten bidez, arraun talde honen alde lan egin duten hildako guztiak gogoratzea eta oroitzea; zaletu, arraunlari, prestatzaile, zuzendaritzako kide… baina batik bat, hainbat une korapilatsu eta beste zenbait pozgarri biziarazi egin zizkidan, eta gure lehen lehendakaria izan zen Javier Murua oroitu nahiko nuke.

GORA ARKOTE!!

Txetxu Laraudogoitia Garay (2019), gaztelaniatik itzulitako testua

Arkote Arraun Taldearen alde eman duzun guztiagatik, mila esker Txetxu!! Bihotzean eta gogoan izango zaitugu betiko, adiorik ez

GOIAN BEGO!!

Arkoteren lehen urteak Txetxurekin: