2022ko abuztuaren 21eko atzoko estropadarekin amaiera eman zitzaion aurtengo KAE1 ligari, Bilboko uretan jokatutako , “XLIX Ikurriña Villa de Bilbao” banderarekin hain zuzen ere, zeinetan Arkoteko ontzia ligako hamabi traineruetatik azkarrena izan zen.

Aurtengo ligak guztira hamalau estropada izan ditu, eta horietako azkena hau bera izan da. Gorabehera ezberdinen ondoren, gure mutilak Bilboko estropadara ligako sailkapen orokorrean hirugarren postuan iritsi dira, bigarrena den Pedreñatik bi puntura. Estropadaren lehen paladatik gure mutilek burubelarri egin dute lan, paladaz palada diferentziak markatzeko asmoz, bazekitelako TKE ligako Play-Offeko postuetara joateko aukera emango zien ligako bigarren postua eskuratzeko lan bikaina egin behar zutela. Urte hasierako asmoa ez zen hori izan, urtez urte aurrera pausuak ematea eta ahal beste ikurriña irabaztea baitzen, baina aukera bertan zegoela ikusita hori aprobetxatzeko beharraz ohartarazi ziren.

Nola iritsi Play-offeko postuetara?

Bidegurutze horretan gure traineruak bi aukera zituen, eta bietan Pedreña irabazteko beharra zuen: lehen aukera, Pedreña eta Arkoteren artean beste ontzi bat sartzea zen, modu honetan ligan bien arteko puntuen berdinketa emango zatekeelako. Alabaina, kasu horretan beharrezkoa izango zen estropada irabaztea, izan ere puntuen berdinketa hausteko irizpidetzat ontzi bakoitzaren bandera kopurua hartzen da aintzat, eta Bilboko estropadara arte Arkotek hiru zituen bitartean Pedreñak lau zituen. Ikurriña irabazi eta bi ontzien artean beste bat sartu ezkero, puntuen eta bandera kopuruen arteko berdinketa emango zen bien artean, eta horrek hirugarren irizpidea abiaraziko zukeen: zuzeneko enfrentamenduena, zeinetan Arkote den garaile.

Play Offera joateko bigarren aukera banderarik irabazi gabe, Arkote eta Pedreñaren artean bi ontzi sartzea izango zen, honen bidez Arkoteren aldeko puntu bateko diferentzia sortuz.

Teoriatik praktikara

Aurrean zuten erronkaz jakitun izanda, gure mutilek burubularri ekin zioten lanari eta ikaragarrizko estropadaren ostean hau irabaztea lortu zuten. Haien lana beteta, bitartean beste ontzi bat sartzea besterik ez zen geratzen. Zortea alde edo ez, azkenean ez zen baldintza hori bete, eta gure mutilek ikurriña eskuratzea lortu bazuten ere ez zen haien eta Pedreñaren artean beste ontzirik sailkatu.

Horren guztiaren ondorioz, gure mutilak ligako sailkapen orokorrean hirugarren postuan sailkatu dira azkenik, bigarrena izan den Pedreñatik puntu eskasera. Hain gertu egoteak amorru puntu bat sortzen badu ere, argi izan behar dugu aurten gure mutilek egindako lana izugarri ona izan dela denboraldi hasieran markatutako asmoak nabarmen gaindituz, beraz hamaika tona txalo eskaintzea besterik ez zaigu geratzen.

Hauek izan dira estropadaren denborak:

1. ARKOTE SEGUROS BILBAO: 20:17,54
2. S.D.R. PEDREÑA: 20:23,23
3. DELTECO ZUMAIA: 20:33,66
4. SAN JUAN: 20:34,45
5. MATRIX HONDARRIBIA: 20:35,40
6. DEUSTO BILBAO: 20:36,53
7. SANPEDROTARRA: 20:50,63
8. BUSTURIALDEA: 20:54,35
9. ZARAUTZ GESALAGA OKELAN: 20:57,60
10. CASTRO BRUNO SAEZ: 21:01,84
11. ORIO ORIALKI: 21:06,78
12. CAMARGO CUEVA EL PENDO: 21:12,75

Hona hemen 2022ko KAE1 ligako behin betiko sailkapen orokorra:

POSTUAONTZIAPUNTUAK
1Sanpedrotarra142
2S.D.R Pedreña134
3Arkote Seguros Bilbao133
4San Juan113
5Zarautz Gesalaga Okelan98
6Matrix Hondarribia “B”96
7Castro Burno Saez92
8Delteco Zumaia84
9Deustu Bilbao78
10Camargo Cueva el Pendo46
11Busturialdea41
12Orio Orialki35
2022ko KAE1 ligako behin betiko sailkapena

Hurrengo denboraldian gehiago! AUPA ARKOTE!!