Igaro berri zaigun asteburu honetan, apirilaren 23an eta 24an, Euskadiko batel txapelketak jokatu dira Sestaoko uretan, larunbatean sailkatze estropada eta igandean finala. Aurten bi ontzi eraman ditugu txapelketara, gizonezko haurrak eta gizonezko kadeteak. Gizonezko kimuek Bizkaiko Txapelketan hirugarren egin bazuten ere, Euskal Arraun Federakuntzak bertan parte hartzeko aukera urratu die, tamalez ez baitu maila honetarako txapelketarik antolatu. Bizkaiko txapelketan aritu ziren emakumezko gazteek, bitarteko arrazoiak direla medio, ez zuten bertaratzeko aukerarik ere izan.

Larunbatean jokatutako sailkapen estropadan gizonezko haurren ontzia bertaratutakoen artean bizkorrena izan zen 4:50,58 denborarekin, bigarren postuan Getaria sailkatu zen Arkotetik bost segundura 4:56,09 denborarekin, hirugarren postuan Itsasoko Ama 4:57,90 denborarekin eta finalerako txanda itxiz Orio sailkatu zen laugarren postuan 5:06,46 denborarekin. Emaitza honi esker, gure mutilek igandeko finalerako txartela eskuratu zuten. Bien bitartean kadete mutilak zortzigarren postuan sailkatu ziren 7:25,56ko denborarekin, iganderako kontsolazio txandarako lekua bereganatuz.

Igandea kontsolazio txandekin hasi zen, eta kadete mutilak lehendabiziko ziabogara lehen tokian iritsi ostean, azkenean gutxigatik bada ere bere txandako hirugarrenak izan ziren 7:16,39 denborarekin. Jarraian gure gizonezko haurrek Euskadiko finala jokatu zuten, eta azkeneko luze ederra egin ostean branka aurretik sartu eta garaipena eskuratu zuten, 4:46,92ko denborarekin bigarren postuan sailkatutako Getariari 00:06,48 segundu aterata. Azkeneko emaitzak hurrengoak izan ziren:

  1. Arkote A.T: 04:46,92
  2. Getaria A.E: 04:53,40 (+00:06,48)
  3. Orio A.E: 04:54,77 (+00:07,85)
  4. Itsasoko Ama: 05:04,50 (+00:17,58)
2022ko Euskadiko bateletan haur txapeldunak

Bost denboraldi igaro dira 2017an Arkotek haurren mailan ere azkeneko ikurriña eskuratzea lortu zuenetik. Garaipen honi esker, hurbiltzear dagoen asteburu honetan, apirilaren 30 eta maitzaren 1ekoan, gure mutilek Pasaian ospatzekoa den Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Tosta finkoan lehiaketa gorenena den horretan, gure mutilak Galizia, Kantabria, Asturias eta Euskadiko ontzi bizkorrenekin lehiatuko dira.

Lerro hauetatik orain arte egindako lan ikaragarriagatik txalotzea eta asteburuan zorterik onena opatzea besterik ez zaigu geratzen. Aurrera Arkoteko harrobia!!

Gizonezko haurren taldea klubeko kolaboratzaile diren Jabi Murua eta Jabi Dañobeitiarekin batera.