– Zazpi hilabeteko entrenamenduen ostean zortzi estropada besterik ez

– Kimuek 2022ko Bizkaiko Batel Liga irabazi dute

– Lehorreko entrenamenduak baldintza prekarioetan egin behar izan dituzte, Udalak Arkoteren eraikina partzialki itxi eta alternatibarik eskaini ez duelako

– Haurreko 2022ko Bizkako Batel Txapelketa irabazi dute 4:44ko denborarekin

Asteburu honetan, apirilaren 2an eta 3an, Bizkaiko Arraun Federakuntzak antolatuta 2022ko Bizkaiko Batel Txapelketa ospatu da Sestaoko uretan.

Gure harrobiko neska-mutilek irailaren amaieran hasi zituzten beren entrenamenduak. Ia zazpi hilabeteko entrenamenduen ostean, otsailaren 20an 2022ko Bizkaiko batel ligari hasiera eman zitzaion eta amaiera martxoaren 27an izan zen. Gazteek guztira zortzi estropada izan dituzte lehiatzeko, aurreko denboraldiekin alderatuta liga motz eta denboran konprimituagoa beraz.

Ligan zehar estropadaz estropada emaitza onak lortu dituzte gure gazteek, eta guztira uretan 7 ontzi izan ditugu: gizonezko kimuak, kimu mistoak, gizonezko haurrak, gizonezko kadeteen bi ontzi, emakumezko gazteak eta gizonezko seniorrak. Egun batzuk besteak baino hobegoak izan badira ere, irakurketa orokorra oso positiboa izan da, eta horren seinale dugu kimuek Bizkaiko Batel Liga irabaztea lortu dutela.

Gizonezko kimuen taldea, ezkerretik eskumara: Aitor L. A., Aner T. G., Urko O. L., Kerman B. S. , Ander B. G. , Oihane R. I. eta Izortz M. B.

Gure gazteek euren entrenatzaileen laguntzarekin egin duten lana txalotzekoa bada ere, aurredenboraldiko lehorreko entrenamenduak oso baldintza prekarioetan egin behar izan dituztela aitortzeko beharrean gaude. Gogora ekarri nahi dugu Plentziako Udalak 2021eko urtarrilean Arkotek egoitza duen eraikina (Arpillao) itxi zuela, eta harrezkeroztik ez duela inolako alternatibarik eskaini gure gazteek lehorreko entrenamenduak baldintza duinetan egin ditzaten. Gauzak horrela, aurtengoan harrobiko arraunlari zein entrenatzaileek egin duten lana oso txalotzekoa dela uste dugu.

Txapelketara itzulita, apirilaren 2an sailkapen estropada jokatu zen eta eraman genituen bost ontzietatik lauk finalera sartzeko txartela eskuratu zuten, emaitza aparta beraz. Hurrengo egunean, apirilaren 3an, jokatutako finalean gure haurrek txapelketa garaitzea lortu zuten, 4:44ko denbora aparta eginez. Horretaz aparte, kimuek hirugarren postua egin eta brontzezko domina eskuratu zuten. Amaitzeko, emakumezko gazteek eta gizonezko seniorrek laugarren postuan sailkatu ziren, horietako bakoitzak atzean ontzi bat utziz.

Gizonezko haurren taldea, ezkerretik eskumara: Boris K. M., Ander B. G., Aingeru C. B., Alex K. M., Peio S. P., Teo S. L. eta Beñat A. E.

Horregatik lerro hauetatik gure haurrak zoriondu nahi ditugu: Aingeru, Alex, Beñat, Teo, Peio, Boris eta Ander patroia, zorionak!!! Txalo bero bat ere haur, gazte eta seniorrei!! Eta baita sailkatzeko aukera izan ez zuten kadeteei ere!!!

AUPA ARKOTE!!

Gizonezko haurren taldea arraunekin gora, txapelketa irabazi ostean. Proatik popara: Teo S. L., Beñat A. E., Alex K. M., Aingeru C. B. eta Ander B. G. (patroia)