Aurreko zapatuan, uztailaren 13an, Plentziako portuan ospatzen diren Karmengo amako jaiei hasiera eman zitzaien. Jai batzordeak eginiko lan paregabeari esker aurtengoan lau jai-egun izan ditugu, uztailaren 13an hasita, 16ra arte, ekintza anitzetan parte hartzeko programazio luzearekin. Ohitura jarraituz, Arkote arraun taldeak ekintza askotan parte hartu du, eta beste horrenbeste antolatu ditu ere.

Gaurkoan, hilearen 16an, urteroko ohitura jarraitu eta itsas prozesioan parte hartu dugu. Usadioa jarraituz, Plentzitarra traineruak Karmengo ama birgina garraiatzen zuen itsasontziaren aurretik ibili da, hura badiaruntz gidatuz. Trainerua arraun taldearekin harremana duten edo izan duten pertsona ezberdinek osatu dute, egungo arraunlarietatik hasita, arraunlari ohietara arte hain zuzen. Gainera, arraunlariok arrantzale alkandora eraman dute, ohitura jarraituz. Aurtengoan berrikuntza bat izan dugu, izan ere, Plentzitarrarekin batera emakumezko arraunlari gazteez osaturik batel bat ibili da itsasaderretik, gure oraina eta etorkizunaren adierazlerik garbiena direlako.

Esan dezakegu prozesioa arazo larririk gabe gauzatu dela; hala ere, ezin dugu ahaztu aurten berriz ere zorigaitzezko egoera pairatu behar izan dugula, izan ere, zenbait ontzik ez dute trainerua lehen ontzia izan behar duelaren ohitura errespetatu, eta honek trafikoa ostopatu du nabarmen. Espero dugu hurrengo urtean egoera hau berriz ere pairatu behar ez izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *