Momentura arte Plentzitarraren prestatzailea izan den Toni Montenegro Prietok, ez du jarraituko hurrengo denboraldian gurekin. Toni ibilibide luzeko arraunlaria izandakoa dugu, Mecosen, Pedreñan, Castron eta Urdaibain (besteak beste) ibilita, Kontxako hainbat bandera eta beste horrenbeste TKE liga irabazi izan ditu. 2016. denboraldian arraun egiteari utzi zion. Horren ondoren, 2017. urteko denboraldian, Toni Montenegrok Santoñako traineruko prestatzailea izateko pausua eman zuen. Urtebete geldirik egon ondoren, 2018ko irailean Plentzitarraren prestatzailea izatea adostu genuen, 2019. denboraldiari begira.

Denboraldi hasieran senior mutilen taldea berrindartu zen, guztira bederatzi alta lortuz, nahiz eta haietariko bik, lan arazoak zirela medio, denboraldian zehar arrauna utzi duten. Hogei arraunlariz eta hiru patroiez osaturiko talde honek, aurre-denboraldiko jaitsieretan emaitza oso onak lortu zituen. Negu luze eta gogor baten ondoren, ekainaren amaiera aldean KAE1 ligari hasiera eman zitzaion, eta gure Plentzitarra beste hamaika talderekin batera lehian aritu da: Zarautz, Deustu, Getaria, Donostiarra B, Pasai Donibane, Pedreña, Camargo, Zumaia, Santoña, Lapurdi eta Hibaikarekin batera alegia. Esan beharra dago ligaren hasieran gure traineruak emaitza oso onak lortu zituela, Pasaian laugarren eta Baionan bigarren izanik; hala ere, denboraldiaren amaieran zazpigarren postuan amaitu zuten gure mutilek.

Denboraldiaren amaiera aldean zuzendaritza taldeak entrenatzailearekin biltzea erabaki zuen, denboraldiaren balorazioa egiteko. Urtearen noranzkoaren gaineko hausnarketa sakona egin ondoren, denboraldiaren hasieran markatutako helburuak errepasatu ondoren eta etorkizuneko egoera posible guztiak planteatu ondoren, entrenatzaileak zein zuzendaritzak taldearen onurarako hurrengo denboradian Tonik bere postuan ez jarraitzea zela ulertu zuten. Horrela gauzak, Bilbon KAE1 ligako azken estropada jokatu ondoren Toni Montenegrok zuzendaritzak eta biek hartutako erabakien berri eman zien arraunlariei.

Arraun taldetik Tonik azken denboraldi honetan erakutsi digun dedikazioa eskertzea besterik ez zaigu geratzen; baita etorkizun pozgarria opatzea, arlo pertsonal zein kirol arloan ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *