Bart gabaz gure arraunlarietako batek COVID-19an positibo eman zuelaren albistea jaso genuen. Arraunlariak azken estropadetan eta entrenamenduetan parte hartu ez zuen arren, agintariek ezarritako protokoloa jarraitu eta hurrengo orduetan Osakidetzako aztertzaileak arraunlariaren inguruko pertsonekin harremanetan jarriko dira. Gainera, aipatzekoa da senior mutilen taldeko partaideak, borondate propioz eta erantzukizun kolektiboari jarraituta, beren etxeetan konfinatuak daudela.

Era berean, jakinaren gainean utzi nahi dugu, gaur gaurkoz, COVID-19z kaltetutako arraunlaria osasunez egoera onean dagoela bere etxean konfinatua, Osakidetzak ezarritako neurriak betez.

Egoera tamalgarri honen ondorioz ezin izango dugu parte hartu bihar, irailaren 3an, ospatzekoa zen Kontxako sailkapen estropadan. Aurreko asteburuan KAE ligari amaiera eman zitzaionez, eta biharko estropadan ezin izango dugunez parte hartu, senior mutilen 2020ko denboraldia amaitutzat jotzen da.