2019ko irailaren 10ean, arraun taldearen webgune ofizialaren bidez Gorka Etxeberria Oliden (Orio, 1977) 2020ko denboraldian senior mutilen taldeaz arduratuko zela iragarri genuen, Toni Montenegroren lekua hartuz. Gorkarekin batera prestatzaile fisiko gisa Imanol Garcia Elorza etorri zen gurera, hiru denboraldietan lan txalogarria egin zuen Aitziber Ibañezi lekukoa hartuz.

Arrazoi ezberdinak direla medio (2019ko taldetik 8 baja, kopuru aldetik talde oso murritza, konfinamendua…) joan berri zaigun denboraldia ez da bat ere erreza izan. Denboraldi hasieran aurreko denboraldiko KAE ligaren sailkapen orokorreko zazpigarren postua hobetzea jarri genuen helburu bezala, eta zailtasunak zailtasun, Plentzitarrak helburu hori nabarmen gainditu du, izan ere aurten gure ontzia bosgarren postuan sailkatu da. Era beran, txalotzekoa da ere emaitzak alde batera utzita taldean egon den giroa oso ona izan dela.

Arestian aipatutako guztiagatik, zuzendaritza taldeak proiektuari jarraipena eman eta beste urte batez Gorkarekin eta Imanolekin lanean jarraitzea erabaki du. Bi aldeen arteko prestutasuna handia izanda, baieztatua dago 2021 denboraldian Gorka Etxeberriak entrenatzaile lanetan jarraituko duela, eta Imanol Garciak prestatzaile fisiko bezala. Eskerrik asko aurten egin dozuen lan txukunagatik eta zorterik onena!