Urte asko igaro dira Arkote Arraun Taldeak udan arrauna irakasteko antolatzen duen ikastaroa hasi zenetik. 2022a ez da salbuespena izango, horren ondorioz aurten ere uztaila zein abuztuan 2006-2013 bitartean jaiotako gazteei zuzendutako ikastaroa antolatuko dugu.

Ikastaro bakoitzak hilabeteko iraupena du eta formakuntza astean 10 orduko izango da, bost lan egunetan banaturik. Gauzak horrela, hilabeteko epe horretan gazteek bi orduko formakuntza jasoko dute astelehenetik ostiralera. Parte hartzaileei beharrezko arreta eskaintzeko bi txanda ezberdin antolatu ditugu: lehena 9:00etatik 11:00etara, eta bigarrena 11:30etatik 13:30etara. Kurtsoaren luzeera hilabetekoa bada ere, nahi duenak errepikatzeko ahalmena izango du, hots uztaileko eta abuztuko ikastaroan izen-emateko aukera dago.

Urtez urte interesak gora egin duela kontuan izanda, izen-emateko bi urrats eman beharko dira: lehena aurreinskripzioa eta ondoren onartutakoek behin betiko matrikula egin beharko dute. Ikastaro honen asmoa neguko denboraldirako ahalik eta gazte gehien erakartzea izanda, esleipenetan lehentasun osoa izango dute Uribe Aldean erroldatutakoek. Horrelako kasuetan, matrikulazio garaian errolda ziurtagiria entregatzea ezinbestekoa izango da.

Ikastaroaren inguruko informazio zehatzagoa izateko, gure webgunean gai honi eskaini diogun atal zehatza bisitatzea gomendatzen dizuegu:

Ez galdu arrauna probatzeko aukera hau!!