Bi denboraldi bete ditu Gorka Etxeberria Oliden oriotarraren eta Imanol Garcia Elorza idazabalarraren bikoteak #Plentzitarra zuzentzen. 2019an Arkoteko trainerua KAE 1 ligaren zazpigarren postuan zegoela hartu zuten ardura. 2020ko haien lehendabiziko denboraldi hartan, baja ugari tarteko eta kide gutxiko taldearekin denboraldi ederra egitea lortu zuen gure traineruak, ligako bosgarren postuan sailkatuz. 2021eko denboraldi honetan ere txalotzeko lana egin dute gure mutilek Gorka eta Imanolen zuzendaritzapean, eta orohar emaitzak hobeak izan diren arren (batzuetan ohorezko txandan aritu direlako eta banderak eskuratzetik ere gertu ibili direlako) ligako sailkapen orokorrean bosgarren postua errepikatu dute.

Denboraldiarekin pozik egonda, bi aldeek (zuzendaritzak eta prestatzaileek) proiektuari beste urte beteko jarraipena ematea erabaki dute. Horrenbestez, zorterik onena opa diegu biei 2022ko denboraldirako!