2021eko abuztuaren 21ean, larunbatean, 16:00etatik 18:00etara Arkote Arraun Taldeak antolatuta “Plentziako XXXII. ikurriña” traineruen estropada ospatuko da herriko Badian, KAE ligaren 1. multzoari dagokion estropada, ligako azkenaurreakoa hain zuzen ere. Bertan hamairu ontzik hartuko dute parte: Getariako Arraun Elkarteak, Kaiku Arraun Elkarteak, Club de Remo Pedreñak, Pasai San Pedro Arraun Elkarteak, Pasai Donibane Arraun Elkarteak, Deustu Arraun Taldeak, Zumaia Arraun Elkarteak, Orio Arraun Elkartearen “B” ontziak, Club de Remo Castrok, Club de Remo Camargok, Club de Remo Astillerok, Lapurdiko Arraun Elkarteak eta herriko Arkotek.

Eragozpenak ekiditearren, egun horretan itsasoratuko zareten ontziei itsasadarreko bokanan egongo diren antolatzaileen aginduak jarraitzea eskatu nahi dizuegu. Itsasoratzea BETI Astondotik egin beharko da buien istriborretik, ababorretik utziz, sekula ez kai-muturretik (begiratu mapa). Barkatu eragozpenak.